Otsaileko azken feria eguraldi eguzkitsuaz lagunduta egin da Ordizian, non gertu dagoen udaberriaren zantzuak geroz eta nabariagoak diren, izan lore eskaintzan izan landare eskaintzan. Produktu berrien atala, berriz, geldi samar dago azken asteotan, hurrengoetarako nobedade garrantzitsuak iragarri badituzte ere, tartean Idiazabal jatorri izendapena duen ardi gaztarena.
Bitartean, patata ereiteko denboraldiari hasiera eman dio Javier Lacalle aguraindarrak, Arabatik ekarritako haziarekin. Aurten bost barietate jarri ditu salgai: Agria izenekoa, horia kolorez eta «denerako» balio duena, hau da, egosteko zein frijitzeko egokia; Spunta, egosteko egokiena, «ez da desegiten»; Monalisa, «kalitate handikoa, baina produkzio gutxikoa»; Baraca, zuria eta berandukoa, «gutxi saltzen da»; eta Jaerla, goizekoa. Agria omen da gehien saltzen dena Lacallek azaldu zuenez, baita merkeena ere, kiloa 0,90 euroan. Spunta eta Monalisa euro batean zituen, eta Baraca eta Jaerla 1,10 euroan. Lacalle da Ordiziako azokan ereiteko patata saltzen duen bakarra, eta bere postua Zuhaiztian dago, fruta saltzaileekin batera. Izan ere, fruta saltzailea da aguraindar hau, eta Ordizian urte askotako ibilbidea egin duena. Lacallek 79 urte ditu eta asteazkenero etortzen da Aguraindik, postuan Mariaren laguntza izaten duela. Ordizian 66 urte daramatza, eta beraz, saltzaile beteranoena da.
Urte asko daramate baita ere Ibarrako Iguategi-etxeko Esther Illarramendik eta Esther alabak Ordizian saltzen. Barazki landare eta barazkiekin etortzen dira, eta atzo tomatea landarea aurkeztu zuten. Jack barietateko landarea zen, eta bakoitza 0,60 euroan zuten salgai.
Zuhaitzak ere ari dira loratzen, eta aurreko asteetatik dauden mimosaren lore horiei, sahatsarenak eta cydonia japonicaren arrosa kolore bizikoak gehitu zi-tzaizkien atzo. Baliarraingo Edurne Jauregik zituen salgai, 2 euroan cydonia eta 3 euroan sahatsa.
Lore kontuetan eskaintza zabalduz doa udaberria gertura-tzen doan heinean, eta atzo Iñaki Azanzaren postuan urteko lehen geranioak, geranio hun-tzak, petuniak eta surfiniak ikus zitezkeen.
Kanpoko produktuetan momentuz ez dago nobedaderik, esparragoak noiz hasiko zain.