Spain

Iñigo Iraultza García: «Etxean eta kalean beti saiatzen naiz euskaraz berba egiten»

Iñigo Iraultza García 'Iru' getxoztar ameslaria dugu. Aktore eta zuzendari gisa ari da lanean gaur egun, baina saltsa guztietan dabilenez, Norvegian harrapatu dugu, Olentzeroren biloba gisa, Euskaditik bildutako gutunak handik Finlandiara eramateko asmoarekin. Ez daki finlandieraz, baina berak dioenez, etxean eta kalean behintzat euskaraz hitz egiten saiatzen da.

Kaleko antzerkia aberasgarriena da berarentzat, baina argi dago jendearekin harreman zuzena izatea dela gehien asetzen duena. Horregatik hain zuzen ere arlo askotan lan egin du, besteak beste, bikoizle, aktore, kantari eta zuzendari gisa. Prestakuntzari dagokionez ere, ez du denborarik galdu. Etengabe ikasi nahi duen horietako bat dugu, beraz, ez dakigu hemendik hilabetera non ikusiko ote dugun.

-Iñigo, Iraultza eta 'Iru', hiru izen desberdin dituzu, nondik datorkizu 'Iru' hori?

-Egia da, hiru izen ditut, tripolarra izateko lehenengo pausua... (kar, kar). Eskerrak ia ia jende guztiak 'Iru' deitzen dit, eta Iru izenaren historia, amodio baten istorioa da.. Pertsona berezi batek izena jarri zidan eta geroztik oso gustura hartzen dut. Milaka esanahi ditu eta batzuetan nire izena entzuterakoan buelta ematen dut, eta txakur bati deitzen ari direla ikusten dut, izan ere, 'Iru', txakurren izena da. Eta haiek bezala, nik ere begi bat ixten dut jolastu nahi badut (kar, kar).

-Zeuk antzina zegoen B ereduan ikasi zenuen eskolan, baina gero ez duzu inolako zailtasunik izan euskaraz ondo hitz egiteko, ezta? Goenkalen ibili zara aktore gisa...

-Bai, Zubilletas eskolan ikasi, hazi eta hegan egin genuen, eta ia dena euskaraz egiten genuen. Duela pilo bat Goenkalen ibili nintzen, egia da, Gorka Totorikaguenaren pertsonaia defendatzen, oroitzapen politak eta gogorrak ditut, lehengo hilabeteetan asko kostatu zitzaidan, baina poliki poliki segurtasuna eta konfiantza hartu nuen. Nire lehenengo papera zen telebistan, eta euskaraz. Egokitzeko denbora pasa eta gero oso gustura egon nintzen, lankideen arteko harremana oso ona zen. Bazegoen euskarazko arduraduna, berak anitz lagundu zidan, pilo bat. Ia Ia sekuentzia guztiak Itziar Ituñorekin izan nituen eta berarekin ere asko ikasi nuen, oso pertsona berezia da. Azken finean, Goenkale telesaila, euskal aktoreentzako ikastola izan da.

-Euskaraldiari begira, zer izango zinateke, Ahobizi ala Belarriprest?

-Ahobizi, belarriprest eta bihotzbizi bizi izango nintzateke, baina aukeratu behar badut Ahobizi!

-Zure ama-hizkuntza ez da euskara, baina etxean zer hizkuntza erabiltzen duzu zure bikotearekin eta etxeko txikiarekin?

-Bai, etxean eta kalean beti saiatzen naiz euskaraz berba egiten.

-Iru, zehazki zer zara, aktorea, aurkezlea, zuzendaria? Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

-Galdera ona! Ba oraintxe bertan aktorea eta zuzendari bezala nabil lanean, baina galdetzen badidazu hurrengo hilabetean erantzuna desberdina izan daiteke, ziur. Horrelakoa da bizitza, eta, nire burua, egunero aldatzeko nahian.

-Prestakuntzari dagokionez, besteak beste, ahotsa, dantza garaikidea, interpretazioa eta eszena-zuzendaritza egin dituzu. Kantua, dantza eta bikoizketa ere egin dituzula ikusi dut. Zer arlotan gustatuko litzaizuke finkatzea? Ala 'espiritu libre' horietako bat zara?

-Atal bakoitzean gozatzen dut, eta guztiak elkarri lotuta daudenez, bakoitza beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera dut. Azken finean, nire lana jokoan oinarrituta dago, hainbat hizkuntza elkartzean eta ikusleekin zuzeneko komunikazioa lantzean.

-Zinean, telebistan, eta antzerkian aritu zara. Zeinetan sentitzen zara erosoen?

-Hiruretan gustura sentitzen naiz, bakoitzak bere xarma du, baina egia esan, kaleko antzerkia egitea oso aberasgarria da niretzat, inprobisazioa, lankideekin eta publikoarekin harreman zuzena, bizi bizi egon behar zara ezusteko gauza eta kaleko bizitzarekin bat egiteko. Ikaragarria! Anitz gozatzen dut.

-Zer moduz Euskaditik kanpo ibili zarenean lanean? Esaterako Tele 5 kateko 'Escenas de matrimonio' telesailean, edo La Sexta-ko 'La que se avecina' saioan?

-Oso ondo! Beharrezkoa eta eskertzekoa da kanpora ateratzea eta lantalde berri batekin lan egitea, beste erregistroetan murgiltzea, asko ikasten duzu. Gehienetan ez ditut ikusten telesail horiek, baina oso bitxiak dira barnetik ezagutzen badituzu.

-Afrika Bibang-en 'Sua' kantaren bideo-klipean parte hartu duzu. Kantatzera ere animatuko zara inoiz? Kantua ere ikasi duzunez...

-Bai, asko abesten dut eta oso ondo pasatzen dut. Hainbat taldetan aritu naiz abeslari bezala, amateur moduan beti. Irushima mojamuto taldearekin ibili nintzen, CD bat grabatu genuen eta uda batean herriko jai batzuetan jotzeko aurkeztu genuen geure burua eta jai batzordekoek lehenengo abestia entzuterakoan «Hauxe? Ni pa txosnas!!!» esan zuten...

-Oso proiektu polit bat ere baduzu, 'Olentzero Munduan'. Azaldu apur bat zertan datzan.

-Ideia duela zenbait urte sortu zen. Gabonak zirela eta, Olentzero lanak burutu behar izan nituen Bilboko auzo batean, umeen gutunak jasotzen, eta gutun hauetako asko ume etorkinen gutunak ziren. Gutun horietan, umeek bere jaioterrian utzitako senideentzako opariak eskatzen zituzten. Ideia hori buruan bueltaka izan nuen, eta, hasieran, munduan zehar bidaiatzen zuen Olentzeroren bilobaren inguruko istorio bat idazten hasi nintzen. Istorioa idazten ari nintzela nik neuk Olentzeroren bilobaren papera bete nezakeela pentsatu nuen, eta zenbait lagunen laguntzarekin ekimena gorpuzten hasi zen. Opariek ez dute zertan materialak izan behar eta, sarritan, gutunak edota bideo-mezuak izaten dira. Familiek esker handiz eta hunkituta hartzen dituzte gutunak, eta duten guztia eskaintzen dizute. Kontinente guztietatik ibili naiz eta bidai hauei esker, gainera, gurea den ohitura bat munduan zehar ezagutzera emateko aukera dugu, eta, bide batez, guk geuk ere beste herrialdeetako ohitura ere ezagutzeko aukera izan dugu.

-Amaitzeko, zer daukazu orain esku artean?

-Ba, Norvegian nago momentu honetan, aurten Olentzero munduan egitasmoarekin Finlandiara bidaiatuko dut, eta hemen nago abentura prestatzen. Aurten, bizitzen ari garen egoeragatik, jende askok ezin izan ditu agurtu maite dituen pertsonak, hau da, azken agurra egin, nahi eta behar zuten bezala. Orduan, Olentzerok agurtzeko azken esaldi horiek jaso ditu, gutunen bitartez eta eramango ditu ipar iparralderaino, Bernardo Atxagak bere olerkian esaten duenez:

Egun finlandiar luze bat nahi nuke izan

zurekin hizketan jarraitzeko

zure hitzek on egiten didate

lasaitu egiten naute barren-barrendik...

Egia da, egun finlandiar luze bat behar dugu benetako agurra sentitzeko.

Sentimenduz eta poesiaz beteriko bidaia izango dela sumatzen dut.

Football news:

Neuer repitió el récord de Kahn al disputar el 196º partido seco en la Bundesliga
Ronaldo es el mejor de la historia en goles en partidos oficiales. Superó a Bicana, anotando 760 goles, lo que supuso para el Portugués el 760 para el Club y la selección en partidos oficiales
El Bayern ganó la 1ª ronda de la Bundesliga. La distancia de Dortmund - 10 puntos, de Leipzig - 4
Las negociaciones del Bayern con Musiala están estancadas. Manchester United, Liverpool y Man City siguen la situación, pero el Bayern no ha logrado llegar a un acuerdo con el centrocampista Jamal Musiala para renovar su contrato, que expira en un año y medio
¿Ahora es posible dejar a los jugadores detrás de la línea de fuera de juego? Es una farsa. El entrenador del Aston Villa, Dean Smith, expresó su indignación por el árbitro en el partido de la Premier League contra el Manchester City
Pep 2-0 con Aston Villa: Man City jugó bien con el equipo superior. ¡Mira sus resultados!
Lukas Podolski: Definitivamente podría pasar a Lokomotiv. Se reunió con el presidente del Club, era una mujer