Spain

Gizarte berdintsuago baten olatuan

Kostaldean aurki sortuko duten olatua gizarte guztia bustiko du. Helburua, behin blai bukatu eta gero, norbanakoan aldaketa bat ematea da: dibertsitate funtzionalen gainetik denok berdinak garelako, pertsonak. Orain dela sei urte hasi ziren uraren laguntzarekin eraldaketa prozesu hori lortzeko lanean. Eta urten, olatu hori inoiz baino indartsuago datorrela iragarri dute Amesten Elkartetik, beste urte batez Surf Inklusibo Jarduera Familian programa martxan jarriko dutenak. Irailaren 27an (goizez) izango da, Sopelako Arrietara hondartzan, non surfa aitzakia hartuta, «inklusioa ikusgai egin» nahi duten.

Itsasoan uhinak ikusten hasi dira dagoeneko, olatua laster sortuko da. Edonor igo daiteke eta izena emateko epea (10 euro) hilaren 23ra arte egongo da irekita. Bi eratara egin daiteke inskribapena, batetik, mail bitartez ([email protected]) edo telefonoz (688754749 eta 688877992). Jarduera ez da aniztasun funtzionala duten pertsonetara mugatzen (edonolako dibertsitatea izanik ere), baizik eta gizarte osora zabaldu nahi duten jarduera da.

Esan bezala, kirol hau aitzakia baino ez da izango. «Erakutsi nahi dugun mezua denok elkarrekin egon gaitezkeela da, eta surfa hori lortzeko kirol oso aproposa da. Uretan disfrutatzeko aukera ematen digu eta, bide batez, elkarrekin egoteko espazio bat sortzeko aukera ere», dio Itziar Sánchezek, elkarteko koordinatzailea Ruth San Cristobalekin batera.

Egungo osasun krisi egoerak, hori bai, helburu hori lortzeko bidean aldaketak egitera behartu die. Iaz ehun bat parte hartzaile izan ziren. Aurten, taldea murriztera behartuta ikusi dira eta neurriak hartu behar izan dituzte kontaktua murrizteko. Dena den, marka ez da txikia. Hiru taldetan banatuko dituzte partaideak, bakoitzean hamar. «Aukera badago ere laugarren bat sortzeko, pertsonen kopuruaren arabera. Oraindik plazak badaude», animatzen dute.

Monitoreen laguntza

Guzti horiek, surfa egiten ikasiko dute profesionalen eskutik, La salvaje Surf eskola eta Surf Eskola Sopelanakoak. «Talde bakoitza ordu eta erdi egongo da uretan, aurretik beroketa egin eta gero». Eta ez kezkatu inoiz olatu bat hartu ez baduzu edo dibertsitate funtzionalagatik edonolako arazoa baduzu. «Pertsona talde bat egongo da bertan bakoitzari behar duen laguntza luzatzeko. Surfa egiten disfrutatu eta ikasiko dute», lasaitzen du.

Birusak, tamalez, aisialdi 'menu' honetatik osagai batzuk kanpoan utzi ditu. Hori bai, ez du lortuko dibertsioa etetea. «Aurtengo edizioa pixka bat ezberdina izango da. Ez dugu aurreko urteetan bezala surfaz aparte gainontzeko aktibitateak egiteko aukera izango». Iaz, adibidez, errugbian ariko ziren Getxo Rugbyko jokalariekin. Ez hori bakarrik, arean jolas ezberdinak prestatu zituzten, harrapaketa, esate baterako. «Jarduera errazak eta bero egoteko lagungarriak zirenak besteak uretan zeuden bitartean», dio koordinatzaileak.

Eta behin kirola egin eta gero, saria heltzen zen. «Lunch bat prestatzen genuen familiekin batera momentu polit bat bizitzeko. Iaz Aitor Francesena 'Gallo' munduko surf txapelduna etorri zen. Aurten, osasun neurriak direla eta, ezin izango dugu giro hori errepikatu, baina antzeko zerbait badugu prestatuta. Bakoitzak bere hamaiketakoa ekarriko du eta taldeetan jango dute».

«Nik ere amesten dut»

Beste era batean bada ere, olatuari forma eman nahi izan diote aurten ere. «Ez genuen helburua lortzeko aukera hau galdu nahi. Jendeak beti galdetzen digu ea noiz antolatuko dugun berriro, haria mantendu nahi genuen». Horretaz aparte, urte osoan beste hainbat jardunaldi antolatzen dituzte, sentsibilizazioan oinarrituta; hala nola, hizketaldiak edo tailerrak «aniztasuna denon ahotan egoteko».

Lelo bat dute bidean inoiz ez gelditzeko. «'Nik ere amesten dut' erabiltzen dugu beti, gizarte inklusiboago bat lortzeko amesten dugulako». Itsasoa bezain zabala eta, aldi berean, homogeneoa baita gizartea. Ur barrenean sartuko bagina konturatuko ginatekeelako dena berdina dela, ez dagoela alderik. «Ez dugu nahi gizarte zatikatu bat, baldintza berdinean bizi nahi dugu. Helburu horren olatuan igotzea aberasgarria da», txalotzen du Sánchezek.

Football news:

Hans-Dieter Flick: Espero que Alaba firme con el Bayern. Nuestro Club es uno de los mejores del mundo
Diego Maradona: Messi le dio todo al Barça, lo llevó a la cima. No fue tratado como se merecía
Federico Chiesa: Espero dejar su huella en la Juve. Obtendremos excelentes resultados
Entrenador del Benfica: No quiero que nos veamos como el Barcelona actual, no tiene nada
Guardiola sobre el regreso al Barça: Estoy feliz en Man City. Espero quedarme aquí
Fabinho no jugará con el West Ham debido a una lesión
Ronaldo Koeman: Maradona fue el mejor de su tiempo. Ahora, el mejor Messi