Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako 11 lagunek Lazkaoko barnetegian egonaldia egingo dute euskara irakasle izateko prestakuntza amaitzeko. 2013an hasi ziren zerotik euskara ikasten eta egonaldia amaitu ostean euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Buenos Aires, Mendoza, Necochea, San Nicolas, Tres Arroyos, Villa Marían, Argentinatik etorritakoen kasuan, eta Santiago eta Montevideon, Txile eta Uruguatik etorritakoak.
Egonaldiaren helburua beraien euskalduntzearen maila bat egitea da: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a. Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik.
Taldearen ikasketa ibilbidea duela 8 urte hasi zen, eta urte hauetan zehar online prestakuntza eta aurrez-aurrekoa tartekatu dituzte. Ikasleek urtero 36 saio burutu dituzte, beren kabuz, HABEren Ikasten online plataformaren bidez. Guztira 20 pertsonak osatzen dute, nahiz eta 11 izan Euskal Herrian egonaldia egingo dutenak.
Halaber, urtero aurrez-aurreko bi barnetegitan hartu dute parte Argentinan, 52 ordukoa bakoitza. Orotara, 1200 eta 1600 ordu artean eskaini dizkiote euskara ikasteari eta, 2019an Buenos Airesen, euskara maila egiaztatzeko frogak egin eta gero B1 eta B2 mailak eskuratu dituzte.
Ikasleek Maizpideko programa jarraituko dute eta bertako ikasleekin nahastuko dira taldeetan. Hasiera batean asmoa familia euskaldunetan kokatzea bazen ere, bizi dugun pandemia egoera dela eta, Maizpide barnetegian hartuko dute ostatu, osasun neurri guztiak bermatuta.