Spain

Azaroan, alarma ezkil 33

Azaroaren azken momentu hauetan, datorren ostiralean ikusgai izango da Esther Ferrer ospe, sona, fama, oihartzun handiko perfomance-sortzaile oldarkor eta probokatzaileari eskainitako 'Los hilos del tiempo' izenburuko zinema puska kasik esperimentala. Ia, bai. Ia esperimentala baina oso klasikoa ere bere maneretan, irudi moldeetan, muntaketa garbian... Ikusgai non? Bilboko Arte Ederretako Museoan. Ze ordutan? Arratsaldeko zazpietan. Debalde.

Zergatik ikusi behar? Bere burua arte elektronikoari aspaldian eskaini zion Josu Rekaldek egina delako. Begoña Vicario bezalako muturreko artisten konplizitate, kidetasunarekin egina ere. Betidanik musika egiturekin ametsetan izan den Tom Johnson egile minimalistaren musikaz blai da Estherrek joan den mendean Boloniako tren batean egin zuen perfomance bitxi, egundoko, ausartaz akordatzen den ordubeteko lan hau, azaroa bukatu aurretik Bilboko Museoan ikusgai dagoena. Geroxeago ere, urte honen akabera hurbil denean, abenduan hots, beste emanaldi sorta bat izango da.

Arteaz hitz egiten da gozo, suabe Zinebik plazaratutako lan horretan. Bizitzaz. Munduaz. Ausazko musikarekin jolas deabruzkoetan ibili zen John Cagek bultzatu zuen joan den mendeko hirurogeita hamarretan Boloniako tren hartan gertatu zen arte bihurrikeria egundokoa. Jolas, atrebentzia, balentria hura errepikatzeko asmoz, Esther, Josu eta konplize majo batzuk igo ziren Azpeitiako Euskal Burdinbidearen Museoan gordeta dauden tren zahar horietako eta han gora eta behera ibili, joandako garai batean izan zen ikuskizun/performance hura berpiztuz. Giro eder, gozo, abegikor batean. Irudietan barna, solasaldien barrenetan, bizitza, artea, mundua, errealitatea, beldurra, zinema hizpide, dantzakide zutelarik.

Dena jartzen da duda mudatan 68 minutu dirauen ikus-entzunezko lan honetan. Kamera testigu. Gu, sorgindurik. Ez. Azaroa oraindik bukatu ez den honetan, kontu pila dago ahaztezin,gozagarri. Etsenplurako, 9 egun gehiago dugu Vimeon den trauskilkeria galant batez goza ahal izateko. Nahi izatera, jakina.

'Noviembre fantasma' du izenburu edo erreklamu. Mamu-Azaroa euskaraz nahi badugu. Edo Azaroaren-mamuak, hala nahi izatera. Kontua, zera. Pandemiak behartuta, ilunabarrean gusto handiz gabiltzan jendaiari alegrantzia emateko asmoz, Donostiako Beldurrezko Asteak, Malagako Fancine jaialdiak eta Molins de Rei Terrorezkoak sortu zuten maltzurkeria hori. Dohazkoa. Debalde. Sosik pagatu barik. Hiruron artean partekaturiko hedapen kanal birtuala.

Zuen mugikorretan, zuen konputagailuetan honako helbide hau idatzi bezain fite eta pronto, supituan agertuko zaizue pantailan hainbat altxor. Esaterako, Alberto Corredoren Bagheaded film labur aparta. 'Edota Howl From Beyond the Fog'-en Sato zuzendariarekin izandako solasaldi oparoa. Japonieraz. Azpitituluekin. Daisuke Satok munstroak ditu maite, jakin badakielako jainkoak izan daitezkela. Edo gozo gozo besarkatuko gaituzten izakiak. Daisue Satok mundu osoko zaleen dirulaguntza lortu zuen panpinez egindako bere lanak aurrera egin zezan. Daisue Satok aitortu egiten du pantailan zorretan dagoela Ray Bradbury maisuarekin, bere 'Itsaslamia' izeneko kontakizun ezin ederrago hartan aurkitu baitzuen inspirazioa lehen baino berandu plataformetan gozagai izango dugun 30 minutuko bere pelikularako.

Daniel Aguilar ikertzailei eta zalearekin izandako hitz -aspertuaren une batean aipatzen du Satok joandako garaietan, Japoniako herri guztietan bazela alarma-ezkil bat. Etsaiak zein aro horietan maitatzen ez ziren munstroak hurbil zeudela abisatzeko….

Antzinako alarma-ezkil horrek gogora ekartzen ditu Imanol Rayoren 'Hil kanpaiak' filmean 33 aldiz jotzen duten horiek. Pelikula ostiralean estreinatu zen gurean, azaroan gauza pila bukatu ez baizik eta hasi egiten direlako.

'Hil kanpaiak' lanak oinarri du Miren Gorrotxategiren nobela beltza. Baina zinemagileak soberan zen guztia ezabatu du. Hezurretan utzi du kontakizuna. Minez dauden hezurretan. Bolumena, lodiera eman dio kontakizunari. Beldurrez, agoniaz, amorruz estali ditu hezur horiek. Belztu ditu. Testuinguru zikindu batean kokatu ditu. Paperean burutik sano ez zela ematen zuen emakumea tragediak eta mendeku goseak erraiak janda dituen pertsonaia bihurtu du. Ikaragarrizko moldaketa, dar-dar batean jarriko zaituzten pelikula. Oraindik bukatua ez den azaro eder honetan.

Football news:

Defensor Ferencváros: Ronaldo se encogió de hombros cuando le pedí su camiseta. Quizás el caso es que no nos anotó
Klopp sobre Firmino: el Equipo es una orquesta y Bobby toca 12 instrumentos. Es importante para nosotros
Antonio Conte: no creo que el Real Madrid pueda llorar por sus pérdidas. Es ridículo que los medios escriban sobre sus problemas con la alineación
Lewandowski sobre la cancelación del balón de Oro: no es tan importante. Tales premios son algo extra
Salah podrá jugar con Atalanta. Sufrió un coronavirus
Klopp sobre los heridos: no hay Noticias. No tengo ni idea de quién jugará para Atalanta. ¿Por qué deberíamos darles información?
El Barcelona está pensando en fichar a Garay por la lesión de Piqué