Spain

2020. urteko literatur bizitza

Esan beharrik ez dago: gure bizitzako urterik latzena izan dugu 2020ko hau. Latza eta garratza. Tristea urtea, tristea bizitza. Tristea seniderik gabe, adiskiderik gabe bizi behar berria. Oso urte malapartatua. Tragedia edonon, bizitzan, ekonomian, gizartean…

Aurrera egin beharrak, baina, eman du aurtengoan ere betiko gogoan izango dugun libururik. Datorren urtean zer egingo duten jakin ezinik dabiltza zenbait editore, krisiak jota. Horregatik, agian, azken orduko nobedadeak aipatu beharko genituzke, gogor jo duen enbatapetik irteteko.

Esan dute etxeetan sartuak izan garen artean gehiago irakurri dela eta gehitu egin dela zaletasuna, baina era berean, liburu dendak itxita egon direnez, ez dakit zein punturaino zabaldu den euskal liburuaren irakurketa. Dena urrunetik egitera ohitu garen honetan, hoztasuna da ezaugarri nagusia.

Argitalpen erritmo aldetik ere, bitan banandu da urtea. Martxo artean oso gutxi argitaratu zen. Eta ekainean etxetik irteten hasi ginenean, lehenagotik prest zeuden liburuak aurkitu genituen erakuts mahaietan gure zain. Argitalpena bizitu egin zen uda ostean, urrunetik bizi behar izan genuen Durangoko Azoka birtualean zabaltzeko asmoz.

Lehen labealdiko kontakizun lan bi aipatu nahi nituzke: Pello Lizarralderen 'Argiantza' nobela laburra eta Luis Garderen 'Aireportuko musika' nobela erraldoia, biak ala biak egileen kontatzeko maneraren erakusgarri. Lizarraldek bere sotiltasuna erakutsi du, deskripzioaren sen ederra, estiloaren agerbide fina. Gardek Nafarroako historia hartu du berriro gaitzat, eta polifoniaz, elementu desberdinen pilaketaz ondu du bere nobela, oso konplexua den gizartearen berezitasunak emateko.

Kontakizunaren generoan oso oparo agertu da Elkar argitaletxea. Elkarren antza duten nobela bi dira aipatuko ditudanak. Joxean Agirreren kontagintzak aurrera jarraitzen du eta bere jarraipena egin dezakegu ia urtero. Aurton, 'Nobela errealista bat' deiturikoan taxilari berritsu baten inguruan eraturik (Ramon Saizarbitoria omen da bere idazkera munduko aipamen ezaguna), euskal erresistentziaren anekdotak nahastu ditu trama poliziakoarekin; bere idazkeran zutabe diren umorea, ironia, eta sexuaren aipamenak ez dira falta.

Bestelakoa da Antxiñe Mendizabalen 'Odolekoak' idazlana. Kronika historiko gisa eratua bada ere, frankismo garaiak emakumearen izaeran egindako kaltea harilkatzen du bere kontakizunean. Frankismo ostea du kontuan Uxue Alberdik 'Dendaostekoak' Susak argitaratutako nobelan. Bertan dendako lana askatasun pertsonal gisa ageri zaie Elgoibarko 'Pitxintxu' denda martxan jarri zuten ahizpa biei. Kronika mundua esku onez erabili badu ere, Uxue Alberdik testu honetan, tradizioaren eta modernitatearen arteko kinkaz dihardu irakurlea harrapatu egiten duen ahozkotasunetik asko duen kontakizunean.

Badirudi, eta ez da berri txarra, Alberdania argitaletxea bizkortzen ari dela, eta aurton kontakizunaren generoan sei liburu berri kontatu ditzakegu bere katalogoan. Horien artean aipagarria da Anjel Lertxundiren 'Gilles de Rais' eleberria. Idazle sendo hori ez dugu aurkeztu beharrik eta berriro erakutsi du bere maisu lana lehenago ipuin moduan argitaraturiko gaia nobela gisa emanez orain. Fikzioa fikzioaren barnean atondu du historian eta bizitzan gerta daitezkeen manipulazioa eta faltsukeria agertzeko. Yurre Ugarteren ipuin liburuak ere merezi du aipamentxo bat laburpen arin honetan. 'Lilurabera' liburuan zortzi kontakizun bildu ditu pertsonaien artean batasuna lortuz: liluratuak izatea da beren bidea, eta batzuetan galbidea.

Dena urrunetik egitera ohitu garen honetan, hoztasuna da ezaugarri nagusia

Poesiak ere eman ditu bere fruitu oparoak 2020ak. Urtearen bukaeran Susa argitaletxeak aspaldi genero horretan isilik zeuden ahots bi argitaratu ditu. Leire Bilbao da lehena, bere 'Etxeko urak' hunkigarriarekin. Amatasunaren inguruan eraikia, mundu ikuskera anitza eman du bere bertso sotil eta argietan. Mundu oso bat erakutsi nahi izan du Miren Agur Meabek ere 'Nola gorde errautsa kolkoan' liburuan. Liburu anitza. «Bizitzak guretzat planik ez duela onartzea» lemapean liburu berezia eman du. Gai asko, tonu asko, liburu desberdinez osaturiko liburu aberatsa da Meaberena. Balea Zuria argitaletxeak ere poema bilduma bi eman ditu argitara. Itxaro Bordaren 'Abaroa' aipatu beharko dugu, hau ere tonu asko bilduz osaturiko liburu betea. Eta nola ahaztu Peru Magdalena idazle ia aszetikoaren 'Tantaka' haikuz osaturiko liburu berezi ñimiñoa?

Uda aurretik, baina, Pamielaren eskutik beste poesia uzta ederra izan genuen. Jon Gerediagak ohi duen naturaltasunez 'Natura berriak' eman zuen plazara, liburu fin sotila. Jose Angel Irigarayren 'Isiltasunaz hunatago' ahaztuxea genuen poeta nagusi baten lana da, errekuperazioa eta errebindikazioa. Obra nagusi baten erakusgarri.

Urtea bukatzear zegoela beste liburu berezi bi agertu dira. Bernardo Atxagak 'Kilker bat autopistan' argitaratu du, Euskadi Irratian egin dituen kolaborazioen bilduma, testuak entzumenerako prestatuak direla, eta ez horrenbeste begiradarako, gogoratuz. Honetaz eta hartaz ari da egilea eta bere ardurak eta pentsakizun mundua agertzeko erakusleiho zabala eman du. Eta harekin ia eskura Joseba Sarrionandiaren autobiografiako 'Gauzak direna balira (Habanako gaukaria)' bere alderantzizko egunkariaren hirugarren eta azken alea etorri zaigu irakur mahaira.

«Ez lirateke aldatuko gauzak direna balira» esanez bukatu du liburua Joseba Sarrionandiak, eta aldaketaren menpe izan dugun urtea bukatu dezakegu esaldi horrekin. Datorkigula hobea!

Football news:

Cavani regresó a los entrenamientos y es probable que juegue con Crystal Palace
Fabio Capello: Juve jugó rugby contra Oporto. Solo Ronaldo y Chiesa son capaces de hacer una diferencia en esta alineación
Neymar: he publicado cómo me estoy recuperando de una lesión y no he recibido mensajes con las palabras: Wow, qué profesional. Neymar, Delantero del PSG, expresó su descontento por la atención que se le presta a su trabajo en la recuperación
Ole-Gunnar sulscher: el Trabajo de los jueces es muy complejo y sin presión adicional. Debemos tomar sus decisiones
Joan Laporta: estoy Seguro de que Messi no se quedará en el Barça si yo no gano las elecciones. él le da al Club el 30% de los ingresos
Trent idolatró a Gerrard desde la infancia y se metió en un cuento de hadas: recibió el cuidado de Steven y el brazalete del capitán. Una historia de hermosas relaciones
La recuperación de azar después de una lesión se retrasa. Probablemente no juegue con el Atlético el 7 de marzo